“Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculumaren” proposamena unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistemako hezkuntza eragileek elkarlanean egindako ekimenetik sortu da. Eragile horiek Euskal Herriko edo Euskararen Herriko lurraldeetako hezkuntzaren gehiengo zabala ordezkatzen dute, eta proposamen hau Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin hitzartuta eta hark diruz lagunduta egin da.
Euskal Curriculumaren proposamenak elkarren osagarri diren bi helburu ditu. Batetik, proposamena izenpetzen duten erakundeek eta hezkuntza zentroek konpromisoa hartu behar dute Euskal Curriculum oinarrizko eta komunari dagozkion edukiak beren hezkuntza proiektuetan sartzeko, bai eta derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan haiek ebaluatzeko ere. Beste alde batetik, hezkuntza proiektuaren planteamendua hobetzeko plataforma izan behar du, euskal gizartearen, gizarte europarraren eta gizarte unibertsalaren beharretara egokitzeko eta ikasleek emaitza onak lortzea sustatzeko.
Proposamena orientagarria da, eta Euskal Herriko gizarte erakundeen esku jarriko da, batez ere hezkuntza erakundeen esku, proposamena ezagutu, eztabaidatu eta balioesteko, bai eta hobetzeko proposamenak egiteko ere. Euskal Curriculuma aplikatzea aukerakoa bada ere, Euskal Curriculum oinarrizko eta komunari dagokion zatia onartzen duten erakundeek eta hezkuntza zentroek konpromisoa hartzen dute, hala nahi dutelako, curriculuma aplikatzeko eta ebaluatzeko.
Euskal Curriculuma balioesteko eta horri buruz erabakiak hartzeko prozesua bi fasetan egingo da:
1. fasea: Euskal Curriculumaren balioespen orokorra eta Euskal Curriculuma hobetzeko proposamenak.
Lehenengo fasean, kontsulta egingo da, eta helburua Euskal Curriculum osoari buruzko balioespenaz datu kontrastatuak edukitzea eta hobetze proposamenak jasotzea izango da.
2. fasea: Euskal Curriculum oinarrizko eta komunari buruzko erabakiak hartzea.
Bigarren fasean, erabakiak hartuko dira. 1. fasean jasotako datuak erreferentzia izango dira Euskal Curriculumaren proposamena hobetzeko, eta, egindako balioespenen arabera, Euskal Curriculum oinarrizko eta komuneko proposamena egiteko; gerora, hori oinarritzat hartuta, erabakiak hartzeko. Horrekin bat egiten duten ikastetxeek konpromisoa hartu beharko dute Euskal Curriculum oinarrizko eta komuna praktikan jartzeko eta ebaluatzeko.
Testu honen edukia 1. faseari dagokio.
1.go fasetik eratortzen den txosten hobetua, zein 2. fasetik ondorioztatzen den curriculum oinarrizkoa eta komuna, Euskal Herrian eragina duten Hezkuntza Administrazioen eskuetan jarriko dira, beraien curriculum ofizialetan txerta ahal dezaten.